Thierry Malandainen izenburu honek zehatz-mehatz jasotzen du Michel Fokine koreografo errusiarrak 1907an sorturiko ballet hura, bi urte geroago Silfideak izendaturiko bera. Fokine bera are aspaldikoagoa zen ballet batek inspiratu zuen, Filippo Taglioniren Silfideak hark. Ballet hartan, neska heroia tutu luze jantzirik eta zapatilen puntetan dantzatu zen arinago agertzeko, dantzaren historian lehen aldiz, 1832an.
Thierry Malandainen ustez, iraganeko lan horiek egunekoak dira oraindik. Eta maitasunaren zain ilargiaren argipean beren malenkonia eta tristura herrestan zeramatzaten XIX. mendeko gazte erromantikoek egungo mundukoen antz handia dute.
Orduan, Fokinek erabili zuen argudio berari eutsi zion: poeta bat, atsekabeak jota eta ideal baten bila, silfide baten xarmetan erortzen da, elezahar zelta eta germanikoen arabera airean ibiltzen diren neska gazte alai eta magiko horietako batenean. Partitura bera ere gorde zuen, XIX. mendean Frédéric Chopinek konposaturiko musika pieza multzo bat.
Hala ere, ironiaz aldatzen ditu zenbait xehetasun: adibidez, modu berera janzten ditu mutilak eta neskak, lehenik beltzez, eta gero tutu zuria jantzirik, bizkarrean hegal txikiak dituztela. Horrela, maila berean jartzen ditu, Silfideak sortu zen garaian mutil dantzariak neskak baino gutxiago izateaz gain, ez baitziren neska dantzariak bezain balioetsiak. Intrigari bigarren gizonezko bakarlari bat ere gehitzen dio, eta horrek heroiaren ondoan dantza maisu baten rola jokatzen du.
Azkenik, hanka tenkatuak arabesko erara eta dantza klasikoaren diagonalak mugimendu garaikide arrotzekin tartekatzen ditu, ipurdiak edo hankak airean! Beraz, Fokinen balletean bezala, printzez jantziriko heroiak bals handi bat dantzatzen amaitzen du, silfidea bere punten gainean biraka dabilkiola.
Baina ilargia joan egiten da globo baten antzera, eta silfidea desagertu egiten da, poeta bakarrik eta etsita utziz. Gaur, atzo bezala, zoriontasuna ezinezko ametsa da.