Aurkezpen-bideoa

Bata bestearen atzetik, gizon eta emakumeak agertokia ari dira zabal zeharkatzen ilara luzea osaturik. Erdi-ilunpean ezerk ez du elkarrengandik bereizten uzten. Beren arroparen koloreak ere antzekoak dira. Batzuk erori, altxatu, atzera egiten dute, baina azkenean guzti-guztiek aurrera egiten dute eta nolabaiteko mugimendu etengabean desagertzen dira. Horrela irudikatzen ziren Erdi Aroan dantza makabroak. Margolan eta marrazki hauek pobreak, aberatsak, gazteak, zaharrak, gaixoak zein osasuntsuak erakusten zituzten, elkarrekin eskeleto keinukari baten atzetik ibilian, heriotzaren aurrean denok berdinak garela adierazteko.

XIX. mendean Chopinek konposaturiko “Gauekoak” pianorako pieza erromantikoek joan-etorri goibel hori laguntzen dute. Horiek Thierry Malandaini inspiratu zioten dantza makabroen gogorapen hau, eta balletari izena eman zioten. Hogeita bi dantzariek, beraz, gure begien aurrean garatzen den fresko luze baten pertsonaiak dirudite. Bakarka edo bikoteka egiten dute aurrera, elkarri eskutik helduta edo taldeari jarraitzen diote, batzuetan bultza egiten diote elkarri, korrika egiten dute edo dardarka hasten dira. Gehienek programaturiko amaierari uko egiten badiote ere, batzuk, ordea, horretaz libratzen saiatzen dira. Borrokan hasten dira, atzeraka herrestatzen dira, makurtzen dira, okertu edo elkarri ahokatu beren patuari hobeto aurre egiteko. Baina egiten dutena egiten dutela, badirudi beren bizitzaren sakonera eta pisua galdu dutela. Haien mugimenduek eramaten dituzte etengabe lurrerantz,  eta lurrak berak segituan haien gorputzak bildu. Patioaren eta parkearen arteko distantzia (eszenaren bi aldeei ematen zaizkien izenak dira) bizidunen mundua eta hildakoena bereizten dituen espazioa da.

Hala ere, "beste aldera" pasatzera kondenaturik badira ere, gizakiek denek batera dantzatzeko denbora hartzen dute. Musikaren edertasunak haien larritasunak arintzen ditu elkartasun ia sakratu batean. Azken unean bere patutik alferrik ihes egiten saiatzen zena ere lasaitzen da.