Dantza
klasikoa
Dantza "klasikoaren" jatorria 1661ean Frantziako Luis XIV erregeak Dantza Akademia sortu zuenekoan koka liteke. Garai hartan finkatu ziren besoen eta hanken bost posizioak. Oraindik ez zen dantza klasikoaz hitz egiten, dantza ederraz edo dantza nobleaz baizik, bai entretenigarria eta kantu lirikoari lotua zenean (komedia-balleta, opera-balleta), bai geroago ekintza dramatikoa lehenesten hasi zenean (pantomima-balleta, ekintza-balleta).
XIX. mendearen hasieran, mugimenduetan adierazkortasun eta arintasun handiagoak bilatzen ziren, eszena-jantzien bilakaerak ahalbidetzen zituenak. Grina eta norbanakoaren sentimendua askatzen zituen Erromanismoak bere altxatzeko irrika puntak integratuz lortu zuen, eta neska dantzaria erdi-erdian paratu zuen, mutil dantzariak bigarren mailara zokoratuz. 1832an sorturiko Silfidea balletak eboluzio hori bere egin zuen: puntetan dantzatzen ziren izaki fantastikoek Olinpoko jainko-jainkosak ordezkatu zituzten. Harrezkero, eta gai mitologikoen abandonua ondo markatzeko asmoz, dantza noblea dantza klasiko bihurtu zen. Klasikoa hitzak Errenazimentu garaian garatu zen korronte estetiko bati egiten zion erreferentzia. Italiarrek emaniko "urrezko aro" horren ideala ustez Antzinate greko-erromatarrarenak ziren perfekzio, harmonia eta oreka nozioen imitazioa zen.
XVII. mendearen erdialdetik aurrera, Frantziak dantza noblearen printzipioak hedatu zituen Europan. Frantziarrek hala jarraitu zuten Kopenhagetik San Petersburgoraino, han 1901ean Marius Petipa koreografo ospetsua erretiratu zen arte. Petipak osagarri bitxiez sareturiko balletak sortu zituen, music-hall errebisten aitzindariak nonbait. Bere lan batzuetan emozioa ez dago ekintza dramatikoari loturik, koreografia bera denboraz kanpoko poesia bihurtzen den uneei baizik. Dantza akademikorako bidea ireki zuen, frantses eskolaren ezaugarri ugari, italiar eskolaren abiadura eta errusiar eskolaren lirismoa biltzen zituen lexikoa osatuz. Mundu osoan, frantsesez adieraziriko hiztegiak ingeles, amerikar, kubatar eta abar eskolak sortuko zituen, baita beste lurralde batzuetara zabaldu ere, XX. mendetik aurrera transmisioa mundu osora hedatu baitzen.
Duela lau mende ezarririko printzipioetan oinarriturik, dantza klasikoaren teknika etengabe egokitzen aritu da artistek beren denbora adierazi ahal izateko. Harik eta dantza eginez gorputza idealizatzen duten en dehors, bost posizioak eta aplomb-a urratzeko arauditzat hartu ziren arte. Harrezkero, "dantza ederra", "dantza noblea" eta "dantza klasikoa" terminoen ondoren, eta berrikuntza hura markatzeko, XX. mendean neoklasiko terminoa agertu zen.
Hauxe da gai zabal horri buruzko azaleko aurkezpena. Gehiago jakiteko, irakurri Thierry Malandainen artikulua:
dantza klasikoa?