Jantziak

Jantziak diseinatzeko eta egiteko lana funtsezko etapetako bat da, balletaren proposamenean zertxobait gehiago inplikatuko baititu ikusleak eta ikusgarriaren arrakasta bermatzen lagunduko baitu.
Hasteko, jantzien diseinatzaileak eta koreografoak solas egingo dute, sorkuntza-prozesuan zehar, iritziak trukatuz: zein da lanaren giroa, protagonistarik ote dagoen ala ez, zeintzuk dira bere istorio, mezu edo irakaspenak, zeintzuk dira bere erreferentziak edo inspirazio-iturriak… Malandainek, askotan, dokumentu-ikerketako lan sakona egiten baitu bere ideiak eta asmoak finkatzeko.
Koreografoaren eta jantzien diseinatzailearen arteko solasaldi horretan oinarrituta jantzi, dekoratu eta osagai askoren maketak egingo dira. Egun batzuk emango dituzte, ondoren, maketa horiek zuzentzen eta biribiltzen, pozik egon arte. Lan hori oso garrantzitsua da, etorkizuneko balletak izango duen eszenografiaren oinarria baita.

Koreografoak ontzat eman dituen maketetatik abiatuz, jostunek jantzien lehen prototipo bat egingo dute baldintza ezberdinak bete beharko dituzten oihal egokiak bilatuz: sendoak eta, aldi berean, malguak diren materialak dantzariei mugitzeko askatasuna emateko; efektu ezberdinak ahalbidetuko dituzten ehunak: bolumen, erliebe, frikzioa… Eta mantentzen errazak izango direnak.
Dantzariekin lehen saiatzea egin eta koreografoaren oniritzia lortu ondoren, jostunen buruak neurrira eginiko jantziak egingo ditu dantzari bakoitzerako. Ballet bakar batentzat ehun jantzitik gora egiten ohi dira: Body, gona, txaleko, praka, soineko, etab. Jantziak egiteak, horrenbestez, ehunka lanordu suposa dezake jostun bat baino gehiagorentzat.
Jostunen buruak, jantzien diseinatzaileak eta koreografoak hogeita hamar urte luze daramatzate elkarrekin lanean: horrek zeresan handia du, ezbairik gabe, Thierry Malandainen izaera markatu eta paregabe horretan.